5. Idatzi
Emaitzak APA estiloan idatzi¶
Interpretazioak eginda, azken urratsa GRALeko Emaitzak atala idaztea da. Zure interpretazioari sinesgarritasuna emateko, datuetan (zitetan edo parafraseoetan) oinarritu behar zara. Paragrafo bakoitzak egitura hau izan ohi du: Gaia → Zure interpretazioa → Froga (zita).
APA Araudi Ofiziala
APA araudiari buruzko informazio ofizial guztia apastyle.apa.org webgunean daukazu eskuragarri (APA, 2025)1. Baita ere, lagungarria izan daiteke 7. edizioko eskuliburu nagusia kontsultatzea (American Psychological Association, 2020)2.
1. Parafraseoa vs. Zita zuzena¶
APA estiloak parafraseatzea (zure hitzekin azaltzea) gomendatzen du zita zuzenak etengabe erabiltzea baino, ideiak hobeto sintetizatzea ahalbidetzen duelako. Erabili zita zuzenak soilik parte-hartzailearen hitzek indar berezia dutenean edo datua oso esanguratsua denean.
2. Parte-hartzaileen zitak nola txertatu¶
Parte-hartzaileen aipuak ez dira erreferentzia bibliografikoak
Ikerketa kualitatiboko datu primarioak direnez: - ✅ Testuan bertan identifikatzen dira, konfidentzialtasuna mantenduz: (Irakaslea 1), (E1). - ❌ Ez dira "Erreferentzia Bibliografikoen" zerrendan sartzen, irakurleek ezin baitute elkarrizketa hori beren kabuz kontsultatu.
3. Akatsak zitetan: [sic]¶
Parte-hartzaileen aipu literaletan gramatika edo ortografia akats garrantzitsuak badaude (esaterako, idatzizko erantzunetan), jatorrizkoa den bezala utzi behar da, baina akatsaren atzean [*sic*] jarri behar da kortxete artean eta letrakera etzanean.
- Adibidez: "Ikasleak oso aburridu [sic] zeuden."
(Oharra: Elkarrizketa ahozkoetan ohikoa da inperfekzio txikiak —"eeeh", hitz errepikatuak— garbitzea testua ulergarriagoa izan dadin, beti ere jatorrizko zentzua aldatu gabe).
4. Zita zuzenen formatua (Luzeraren arabera)¶
Zita zuzena literalki jartzen duzunean, APAk bi arau bereizten ditu:
| Luzera | Formatua |
|---|---|
| < 40 hitz | Testuaren barruan txertatu, komatxo bikoitzen artean. |
| > 40 hitz | Bloke gisa aurkeztu: lerro berri batean, ezkerraldeko marjina barrura sartuz (koska). Ez da komatxorik erabiltzen. |
Adibide osoa gure dataset-arekin¶
Gai nagusia: "Parte-hartzean eragiten duten faktoreak"¶
Kategoriak: Metodologia aktiboak + Ikaslearen inplikazioa + Gelako zailtasunak
Emaitzek erakusten dute ikasleen parte-hartzea zuzenean lotuta dagoela erabilitako metodologiarekin. Metodologia aktiboak, bereziki talde-lana eta jarduera manipulagarriak, ikasleen inplikazioa handitzen duela ageri da datu-iturri guztietan. Adibidez, Lehen Hezkuntzako irakasle batek honakoa adierazten du: "ikasleek taldean lan egiten dutenean gehiago parte hartzen dutela" (Irakaslea 1). Haur Hezkuntzako testuinguruan, berriz, material manipulagarriek funtzio berdina betetzen dutela ondorioztatzen da: "haurrak hobeto ikasten dute materialak manipulatzen ari direnean" (Irakaslea 2).
Hala ere, metodologia aktiboek gelako kudeaketan zailtasunak ere sortzen dituztela agertzen da. Egunkariaren arabera, taldeko jardueretan ikasle batzuek ez dute kolaboratu eta "beste batzuek lan guztia bere gain hartu dute" (Egunkaria, 2. eguna). Horrek erakusten du metodologiaren eraginkortasuna ez dagoela soilik estrategian, baita taldea nola antolatzen den ere.
Zure txanda
Idatzi zure GRALeko paragrafo bat:
- Hautatu kategoria bat (adib:
Ikaslearen inplikazioa) - Idatzi interpretazioa (zergatia azaldu)
- Gehitu gutxieneko zita bat (elkarrizketa, egunkaria edo dokumentua)
- Erabili identifikatzailea: (Irakaslea X), (Egunkaria, N. eguna), (Programazioa)
-
APA. (2025). Style and grammar guidelines. https://apastyle.apa.org/style-grammar-guidelines ↩
-
American Psychological Association. (2020). Publication manual of the american psychological association, 7th ed. American Psychological Association. https://doi.org/10.1037/0000165-000 ↩